XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sekula ez nuen pentsatuko ganadua balitz bezala suz markatzera ailegatuko zirenik, baina halaxe egiten zuten, Mutrikuko udaletxeko agiri batean irakurri dudanez.

Pablo Gorosabel Gipuzkoako historiagile eta kronistaren lanetan ere, berak arraza gaiztoko jende bezala ezagutzen duen herri honi buruzko deskribaketa eta iritzi beldurgarri franko badago; eta antzeko aipamenak jaso litezke Europako idazle ezagun askorengandik ere: belarriak zuhaitz batean iltzatu eta ebaki diezaizkietela eta lur hauetatik kanpora bidal ditzatela; gero inork nonbait aurkituko balitu, urka dezatela bere burua egipziartzat daukan herri horretako jende hori dena; halaxe zioen 1579an Eskozian arloteriaren kontrako legeak.

Ijitoak sekula ez dira ondoko kulturetan asimilatu.

Gutxiengo baztertu bezala eta gehienetan indarkeria jasanez, ijitoen arrazak, inguruko ohitura eta hizkerak hartu eta bere-bere zituenekin nahastu izan ditu: beren hizkuntza den erromanierarekin; beren artisau-lanekin kalderero eta txatarrari batez ere eta beren erritu, dantza, abesti eta ipuin guztiekin.

Etengabe leku batetik bestera bertakoen ohituretara egokituz ibili direlako, eta gizarte analfabeto eta grafiarik gabea delako da ijitoen folklorea hain ugaria eta nahasia; gainera, aintzinatik orain arte gorde duten beren kontaketa eta kantutegi sail aberatsa ahoz aho pasatakoa da.

Jaungoikoa (Devel), demonioak (Mengeak), gizona (Rom), eta zortea (Baji) dira beren sinismenaren lau oinarriak; hauekin batera zaharrenganako begiramena, emandako hitza betetzea, semeekiko ardura eta toki sakratuekiko errespetua ere gorde beharreko balio funtsezkoak dira.

Hau dena tribuetan batzen diren familia edo klan handietan ematen da, guztien agintari buruzagi bat edukitzen dutelarik.

Espainian buruzagi honi tio deitzen zaio; banjaren artean naik, eta berauek behiala, Europan barrena sartzerakoan, gidatu zituzten duke eta erregeen ondorengoak (...).